XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Lurrarekiko obsesioa zuen amona Mariak.

Lurrarena zela sentitu zuen bere burua.

Lurrarekin bat eginda.

Lurraren sentzazioak bereak egin zituen.

Lorezko koroiez horniturik zegoenean eta belazeetan eguzkiak dirdira egiten zuenean, moztea beharrezkoa zela esanaz poztu egiten zen.

Lurraren frutua jaten zuen eta lurraren zaporeaz kutxatzen zen.

Eta negu beltzetan lurraren ahotsak hitzegiten zuen amonaren ahotik.

- Lurrak beti irauten dik txikitxo, argizariaren moduan bere nortasuna gordetzen zekik nahiz eta horretarako forma ugariak hartu behar dituen.

Ez zezakela ahaztu. Euri-ura bezala.

Erori eta gero berriro hodeietara igotzen duk, berriro ere erortzeko.

Beste guztia pasakorra duk.

Ibaiak ezin dik atzera egin.

Orduei ezin zaiek esan kieto.

Itsasoan ere berdina duk, olatu batek beste bati bultzatzen ziok.

Gaueko izarrari eguzkiak hartzen ziok txanda.

Udako koloreak ez dituk negukoak.

Ni ere ez nauk lehengokoa.

Hi mantalean hartu eta balantzaka ibiltzen hintudanean - esan zidan behin gaztain erretzen ari ginela, sukaldeko beroan.

Asko zekien behin ere itsasoa behatu ez zuen amonak.

Eta hortik gehiena neri eman zidan, heriotz egunera arte.

Berak esan zidan aitarekin pazientzia eukitzeko.

Ez zirela gauzak ematen zutena.